Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek gai honekiko ardura duten administrazioei, Udalari zein Lakuari, Zumalakarregiko errausketa-labeari baimena ez emateko eskatu diegu. Euren artean erantzukizuna elkarri leporatu ez diezaiotela eta errausketa-labea hiritik kanpo lekualda dezatela eskatzen diegu. Otsailaren 16an arratsaldeko 7etan belatokitik aterako den auzo manifestazioarekin bat egiten dugu.
Bilboko ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiak Zumalakarregiko errausketa-labea zabaltzearen aurkakoak dira. Hiri barruan jarduera kutsagarriak baimentzea bidezkoa ez dela uste dute. Funeraria Bilbainak sortuko duen kutsadurak Uribarri, Zurbaran, Begoña, Zurbaranbarri eta Iturrialde auzoetako 25.000 biztanle kaltetuko du.
Arazo honen aurrean ardura duten administrazioek axolagabeki jokatu dute. Ezin ahaztu, Funeraria Bilbainak errausketa labea martxan jartzeko udal baimena lortu zuela, Hirigintza zinegotziaren arduragabekeria dela medio. Era berean, Gasteizko Gobernuko Ingurugiroko sailaren ardura azpimarratzen dute. Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak 1976. urteko lege batean oinarritzen da baimena emateko. Europatik datozen zuzentarauak eta araudia, aldiz, oso zorrotzak dira gai honen inguruan: halako jarduera kutsagarriek hirigunetatik kanpo egon behar dute.
Lotsagarritzat jotzen dituzte Bilboko Udalaren zein Lakuaren jarrerak. Batera jo eta herritarrek osasunerako duten eskubidea bermatu beharrean, elkarri leporatzen diote ardura.
Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek uste dute kutsadura eta minbizia eragin dezaketen partikulak sortuko dituen tximiniaren eragin-eremuan bizi diren 25.000 biztanleen osasunerako eskubidea lehenetsi behar dela.
Hori dela eta, EAJ, IU zein PSOE alderdiei dei egiten diete akordio batera heltzeko eta errauste-labea hirigunetik kanpo lekualdatzea agintzeko, herritarrek eskatzen duten moduan.
Bukatzeko, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek bat egiten dute otsailaren 16rako arratsaldeko 7etan Zumalakarregiko beilatokitik abiatuko den manifestazioarekin. Bide batez, bertan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Osasunerako eskubidea orain!!!