Bizkaiko Auzitegiak salatutako jarduerak baimentzen eta bultzatzen duten arduradun polizial zein politikoen dimisioa exijitzen dugu.
Atzo ezagutzera eman zen Bizkaiko Auzitegiak emandako epai bat non Bilboko Instrukzioko 7. zenbakiko epaitegiari agindu dion Bilboko Udaltzaingoak, jarduera polizial baten lekukoak izateagatik, atxilotutako bi emakumek jarritako salaketa ikertzeko. Honen aurrean Bilboko ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek honako hau adierazi nahi dugu:
1.- Atxilotutako emakumeei elkartasuna adierazi nahi diegu. Biei oinarrizko eskubideak zein bermeak urratu zitzaizkien. Neurri gabeko jarduera polizial ilegal baten biktimak izan ziren, erregimen autoritario batetan gertatzen denaren antzera.
2.- Gure kezka agertu nahi dugu azken aldi honetan hainbat udaltzainen artean orokortzen ari den jarduera dela eta. Lekukorik ez dute nahi jarduera polizialetan.
3.- Bizkaiko Auzitegiak udaltzainen jarrera ilegala izan daitekeela eta oinarrizko berme zein eskubideak urratzen dituela adierazi du. Jarrera hauek Azkunak, zein EAJk eta IUk osatzen duten udal gobernuak bultzatzen duten “guerra al navajero” politikaren ondorioak direla salatu nahi dugu.
Ustezko hiri segurtasun ezaren aitzakiaz – Bilboko Udalak orain dela gutxi emandako datuek ezeztatzen dutena – baliatuta sektore sozial batzuk jo mugan jarri izan dira, batez ere, etorkinak, euren jatorriagatik edota euren azalagatik.
Gure kezka ere azaldu nahi dugu, udaltzain batzuen inplikazioa xenofobotzat har daitezken jarduera polizialetan, Espainiako poliziarekin batera, gero eta nabariagoa delako, arduradun politikoek bultzatuta.
4.- Auzitegiaren arrazoibide sendoak zein azken aldian biderkatu diren Arartekoaren gomendioak ikusita, oinarrizko eskubideak eta bermeak urratzen dituen polizia jarduera hau bultzatu duten udal arduradun nagusiei errektifikazio publikoa exijitzen diegu.
5.- Erantzukizunak argitzea eta salatutako jarduerak baimentzen eta bultzatzen dituzten arduradun polizial zein politikoen dimisioa eskatzen dugu.
6.- EAJri zein IUri zera eskatzen diegu: herritarren interesetan oinarritutako eredu polizial hurbila -Udaltzaingoak izan beharko lukeena- berma dezatela. Bide batez, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten eta arrazoi politikoen arabera jarduten duten polizia errepresiboekin berdintzeko duten ageriko asmoak alde batera uzteko exijitzen diegu.