2010/11/11

Veoliari kezkatzen zaion bakarra enpresa-irabaziak biderkatzea dela salatu du ezker abertzaleak

Deia luzatu die EAJri zein IUri zerbitzu publikoen kudeaketaren pribatizazioarekin amaitzeko
Bilboko garraio publikoaren zerbitzua kudeatzen duen Veolia Frantziako multinazionalaren zuzendaritzaren eta Bilbobuseko langileen arteko lan gatazkaren aurrean, ezker abertzaleko Bilboko Udal taldeak multinazionalaren zuzendaritzak erakutsitako itxikeria salatzen du.
Itxikeria honek eta azken aldi honetan enpresak eramandako murrizketa laboralek zein zerbitzuko kalitatean izandako hutsune nabarmenek beste biderik ez diete utzi Bilbobuseko langileei eta greba mugagabeari ekin diote.
Argi dago Veolia multinazionalaren zuzendaritzak eragiten ez dion krisiaz baliatu nahi duela murrizketak aurrera eramateko eta, honen ondorioz, jasotzen dituen etekin handiak gehitzeko. Ezin ahaztu Veoliak urtez urte herritar guztionak diren 30 milioi euro inguru jasotzen duela. Gatazka honek argi utzi du Veoliari kezkatzen zaion bakarra enpresa-irabaziak biderkatzea dela, kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzearen gainetik eta langileen lan baldintza duinak bermatzearen gainetik.
Ezker abertzaleko udal taldeak gatazka honetan EAJk eta IUk duten ardura azpimarratu nahi du. Honetaz gain, urtean 100.000 euro inguru garbi poltsikoratzen duen Azkunak frantses multinazionalarekiko erakutsitako atxikimendua salatu nahi du.
Bilboko garraio publikoan pairatzen dugun gatazka zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorioa da. Politika honek, Bilbori dagokionez, zerbitzu publikoen kudeaketa multinazionalen (Veolia, FCC) esku uzten du eta, orain argi gelditu den bezala, hauek enpresa irabaziak lehenesten dituzte soilik, kalitateko zerbitzuaren kaltetan.
Veoliak azken urteotan izandako kudeaketa txarrak, azken bi urte hauetan bi milioi bidaiari galtzera eraman duenak (Bilboko Udaleko aurtengo memoria baieztatzen duenez), zerbitzu publikoen kudeaketaren pribatizazioaren amaiera bultzatu behar du.
Orain arte ez EAJ ez IU ez dira gai izan zerbitzu publikoak enpresa pribatuek administrazio publikoak baino hobeto kudeatzen dutela egiaztatzeko. Eta lan gatazka honek agerian utzi du, beste behin ere, enpresa pribatuen ez gaitasuna, kudeaketari dagokionez.  
Ezker abertzaleko Bilboko Udal taldeak, Bilbobuseko langileekiko elkartasuna eta babes osoa adierazteaz gain, EAJri zein IUri dei egiten dio Veoliaren zuzendaritzari zuzendu erakutsitako itxikeria zein herritarrok pairatzen ditugun murrizketak bertan behera gelditzeko. Bukatzeko, herritarrei deia luzatzen diegu aipatutako murrizketak salatu eta langileen lan baldintza duinak bermatuko duen kalitateko zerbitzu publiko bat aldarrikatzeko. Eta bide horretan gatazkak irauten duen bitartean Bilbobusa ez erabiltzeko animatzen dugu.