2010/11/15

2011ko Aurrekontuen inguruko elkarlanerako deia

Bilboko Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, eta Alternatibak 2011. urterako Bilboko Udalak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektua elkarrekin aztertzea eta azterketa hori Bilboko gainontzeko talde politiko, sindikal eta sozialekin konpartitzea erabaki dute.

Lehenengo urratsa jadanik eman dute eta aurrekontuen prozesuan barruti guztietan eragileen eta herritarren partehartzea berma dadin mozio bat aurkeztu dute. Mozio honekin Aralarrek ere bat egin du. 

Bilboko Udalbatzaren Araudi Organikoaren 96. artikuluan oinarrituta, barrutietan bilera irekiak antolatzea eskatu dute laurek mozio-proposamen baten bidez, herritarrek zein eragile sozialek euren iritziak, ekarpenak edota auzoetarako nahiz hirirako beharrezkoak diren kontuak mahai-gaineratzeko.

Azaroaren 18rako bilera ireki batera gonbidatu dituzte auzo elkarteak, eragile sozial eta sindikalak zein gainontzeko alderdiak ondorengo helbuarekin: azterketa komun bat egitea, proposamen alternatiboak adostea, alegazioak batera aurkeztea eta bestelako aurrekontuak (sozialagoak, aurrerakoiak eta partehartzaileak) eskatzeko mobilizazio bat egitea.