2010/11/22

Ezker Abertzaleak Bilboko udalari Marokorekin dituen loturak haustea eskatu dio

Azken aldi honetan Marokok Sahara okupatutako biztanleriaren kontra hasitako eraso bortitzak biktima ugari eragin du herritarrengan. Gero eta gehiago dira Maroko Saharan egiten ari dena genozidiotzat hartzen duten giza eskubideen aldeko taldeak, eragileak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Honen aurrean, ezker abertzaleko Bilboko Udal taldeak EAJk eta IUk osatzen duten Udal gobernuari Marokorekin duten harremanak eteteko eskatu dio, Marokoko agintariek giza eskubideak zein Sahararren hitza eta erabakia errespetatu arte. Ildo horretan, urriaren 22an Bilbok Rabat hiriarekin hiri arloko esperientziak trukatzeko sinatutako lankidetza hitzarmena bertan behera gelditzea eskatzen dugu.
Ezker abertzaleak Saharar herriari elkartasuna adierazteaz gain, Bilboko Udalari herri sahararrari babes osoa agertzea, Marokoari nazioarteko legedia errespetatzeko eta Sahararen autodeterminazioaren gaineko erreferenduma burutzea aldarrikatzea eskatzen diogu.