2010/11/11

Ezker abertzaleak Deustuibarra-Zorrotzaurren gehienez 3.000 etxebizitza berri eraikitzea eskatu du

Urriaren 27an bukatu zen Deustuibarra-Zorrotzaurre gunean Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketaren behin-behineko onarpenari alegazioak aurkezteko epea. Ezker abertzaleko Bilboko Udal taldeak alegazio sorta bat aurkeztu du eta aipatutakoa herritarren partehartzerik gabe egin dela salatu du. Ezker abertzaleak sakoneko eztabaida sozialari bide ematea eskatzeaz gain, instituzioek hirigintza operazio hau bere gain hartzea exijitu du.

Planak aurreikusten dituen 5.416 etxebizitza gehiago eraikitzea gehiegitzat jotzen du. Metroarekin lotzeko garraio publiko sare eraginkor bat bultzatzea eta, enplegua sustatzeko, eraikuntza lanetan Bilboko langabetuak langileen %30, gutxienez, izatea proposatu du.

ALEGAZIOAK
Zorrotzaurre gunean Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketaren behin-behineko onarpena dela-eta –Batzorde Kudeatzaileak aurkeztu duen proiektuaren araberakoa eta Udalbatzak behin-behinean onartu duena– , ezker abertzaleak aurkezten dituen alegazioak

Zorrotzaurre guneko HAPOren Aldaketaren oraingo erredakzioa 2010eko martxoko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EEJAN) epai baten ondorioa da, aurreko aldaketa baliogabetu duelako, beste arrazoien artean, herritarren partehartzea ez zuelako aintzat hartu. Gai honetan sakondu nahi dugu.

Deustuibarra-Zorrotzaurre gunerako hirigintza operazioko tramiteak hasi zirenetik, 2004an, herritarren partehartzea baztertua izan da, Deustua Barrutiko auzokideen elkarteek eta gainerako elkarte sozialek behin eta berriro salatu duten legez. Planaren hasieratik herritarren partehartzerik ez da egon. Gaurdaino, detaile txiki batzuk salbu, Batzorde Kudeatzaileak baino ez du iritzia eman eta erabakiak hartu. Batzorde hori Administrazioek eta lurraren jabeak diren enpresek baino ez dute osatzen (operazioarekin milioi askoko etekinak aterako dituzten Vicinay, Eurocis y Metrovacesa enpresak).

Epaiaren makilakada eta gero, Udalak, oztopo judiziala gainditzeko asmoz, Planeamenduaren Kontseilu Aholkularia bildu du. Honek ez du Bilboko errealitatea zein aberastasun soziala ordezkatzen eta Batzorde Kudeatzaileak proposatutakoari amen esan dio.

Prozesu honetako sei urteotan (instituzioetako hamarkadetako utzikeria eta gero), sekula ez zaie ez herritarrei ez eragile sozial edo auzokideen elkarteei inolako aukerarik eman iritzia emateko edota ideiak eta alternatibak proposatzeko. Berriro aurkeztu diguten hirigintza Plana aurrekoen kopia baino ez da, eta Batzorde Kudeatzaileak inposatu ditu ildo nagusiak eta funtsezko gaiak (eraikuntza-dentsitatea, gune berdeen portzentajea, ekipamendu mota). Aurreko alegazioetan defenditu dugun bezala, instituzioek hirigintza operazio hau bere gain hartu beharko lukete eta ez ekimen pribatuaren eskutan utzi. Hala izan beharko litzateke, operazioaren tamainagatik (azken batean auzo berri bat egingo da) zein izango duen eraginagatik, ez bakarrik gune horretan baizik eta barrutian eta hiri osoan ere. Horrez gain, gune horren eta Deustua osoaren benetako beharrak eduki beharko lirateke kontuan eta ez, aldiz, negozia egitea eta pelotazo on bat eskuratzea. Hori guztia lortzeko, herritarren partehartzea eta babesa ezinbestekoa da.

Ondorioz, Deustuibarra eta Zorrotzaurre guneen etorkizunari buruzko sakoneko eztabaida sozialari bide ematea eskatzen dugu. Horretarako batzorde zabala eta anitza sortzea ezinbestekoa da. Batzorde horretan udaleko arkitektoak, eragile sozialak eta auzokideen elkarteak, tailerrak eta langileak, Deustua eta San Inazioko dendariak, alderdi guztietako
ordezkariak –inongo bazterkeriarik gabe– eta Ondasun Historikoaren Euskal Elkartea egon beharko lirateke. Bere zeregina alde horretako beharrizanak benetan konpontzen dituen hirigintza plan baten diseinuan eta ondorengo jarraipenean partehartzea litzateke.

Eraikuntza-dentsitatea
Bilboko Populazio eta Lurralde Sailatalaren datuen arabera, 2009an, Bilbon 15.346 etxebizitza hutsik daude, hau da, udalerriko etxebizitza guztien %9,86. Deustua barrutiari dagokionez hutsik dauden etxebizitzak 1.930 dira. Hala eta guztiz ere, Planak 5.416 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusten du.

Bilbon hutsik dauden etxebizitza kopuru altua, batetik, eta populazioaren 0 hazkundea bestetik, –355.731 biztanle gara, 1996an 358.875 ginen bitartean– kontuan hartzen badugu, horrenbeste etxebizitza berri egitea beharrezkoa ez dela argi geratzen da. Gainera, adierazgarria da azken urteotan gehiegi eraiki den auzoetan (Atxuri, Olabeaga…) etxebizitza hutsen kopurua nabarmenki egin duela gora, Bilbo Zenbakietan 2009 udal argitarapenak erakusten duen bezala. Aurreikusitako etxebizitzak eraikiko balira, Deustua 75.000 biztanle izatera heldu liteke, metro karratuko 15,15 biztanle dentsitatea, Europako Batasunak ezarritako bataz besteko bizigarritasun onaren gainetik. Eraikuntza-dentsitatea, beraz, hektareako 115 etxebizitza izango litzateke, bizitza kalitate on baterako dentsitatea 55 den bitartean. Bestalde, aurreikusita dauden 5.416 etxebizitzetatik %25 bakarrik izango dira Babes Ofizialekoak; %50, aldiz, luxuzkoak izango dira eta prezioa 600.000 eurotik gora (pezetetan, 100 milioi) –Igualatorioaren klinika pribatua eraikiko den tokiaren parean saltzen ari diren etxebizitza berrietako merkatuko prezioa, gaur egun–. Beraz, etxebizitzen erdia pribilegiatu gutxi batzuk bakarrik erosi ahal izango dituzte.

Ezker Abertzaleak zera proposatzen du: 3.000 izatea, gehienez, eraikiko diren etxebizitzak –
Hirigintza Planaren hasierako zirriborroek aurreikusten zuten bezala–, haietariko %60 Babes Sozialekoak izatea eta alokairu sozialean eskaintzea eta alokairua erabiltzailearen sarreren %15 ez gainditzea (indarrean dagoen legediak babes ofizialeko etxebizitzen kopurua %20an ezarri arren, udalak azken portzentajea erabaki dezake, orain arte egin duen moduan).

Gune berdeak
Deustua barrutiko gune berdeen azalera urria da, La Salvetik Elorrietaraino doan eremu baterako Botika Zaharreko eta Sarrikoko parkeak baino ez daude, eta gainera UPV-EHUrekin sinatutako akordioa dela medio 8.335,72 m2 galduko dira Sarrikon. Horregatik, beharrezkoa da Deustuko Kanaleko ibaiertz bietan parkerako leku nahikoa uztea. Era berean, uretik gertuko esparruan ez eraikitzea eskatzen dugu.

Ibilgailuen joan-etorria
Ibilgailuen joan-etorria nolakoak izango diren ikusteko azterketa sakona egin behar da, irla eta Deustua lotzeko bi lotura-puntu bakarrik egongo direlako. Deustuan eta San Inazion metroarekin lotzeko garraio publiko sare eraginkor bat bultzatu behar da, horrela kale gehiago utzi ahal izango dira oinezkoen gozamenerako.

Ekipamenduak
Izena duten eraikin bakarrak enpresa pribatuentzat izango direnak izatea, Igualatorio Médico Quirúrgico eta IDOM, esanguratsua da. Eta bertako beharrizan errealak? Hurrengo ekipamenduak bermatzea eskatzen dugu:
- Behar den bezalako polikiroldegia
- Beharrezko kirol azpiegiturak. Etxezuri futbol zelaiak ez du asetzen dagoen eskaera.
- ultur ekipamendua, liburutegiarekin
- Auzo berri bat eraikitzeak eskatzen dituen ezinbesteko zerbitzuak:
*O urtetik 18 urtera arteko eskola publikoa (haurreskola barne)
*Anbulatorio publikoa

Birgaikuntza
Etxeak birgaitzeari ekin izanak pozten gaitu, auzotarren aldarrikapen historikoa izan delako. Eraikin guztientzako gaur eguneko baldintzak mantentzea, eta behar ezkero, diru kopurua handitzea, eskatzen dugu. Era beran zera proposatzen dugu: Surbisak bere gain hartzen ez dituen birgaikuntzak sortu dituen kosteak gune horretan egingo den hirigintza operazioan lortuko den etekinetik ordaintzea.

Tailerrak
Gauden krisi egoeran ez da ulertzen holako hirigintza operazio erraldoi honek dauden tailerrak eta lan egiten duten langileak kaltetzea. Beraz, tailerrei konponbide bat ematea eskatzeaz gain, leku-aldaketa egon ezkero langileentzako kosturik ez edukitzea eskatzen dugu.

Enplegua sustatzea
Bilbon dagoen langabetu kopurua handia kontuan harturik –2010eko irailean 23.272 pertsona INEMen arabera–, Deustuibarra-Zorrotzaurre hirigintza operazioan inplikatuta dauden instituzioek lanetan Bilboko ahalik eta langabe gehienak lan egiteko enplegu-plana egin beharko lukete. Bilboko langabetuak langileen %30, gutxienez, izatea proposatzen dugu.

Izenari buruz
Hirigintza Planaren ibilbidearekin batera beste eztabaida interesgarria egon da, alegia, espazio horri zein izena dagokion. Gure ustez, jatorrizko izena mantendu beharko litzateke, Deustuibarra - Ribera de Deustu, nortasun historikoa mantendu ahal izateko, ahaztu barik, zati bat Zorrotzaurre dela. Zalantzarik gabe, gune horrek historikoki Deustuibarra – Ribera de Deustu izenarekin ezagutu den espazioarekin bat egiten du, XX. mendeko lehengo erdian Deustuko motor ekonomiko, kultural eta soziala izan zena, hain zuzen. Berrikuntzak ez du zergatik izen aldaketa, eta horrekin gune horren nortasunaren ikur garrantzitsuenaren galera, erakarri behar.