2010/12/20

Metroko zuzendaritzari zein CEBECi larderia albo batera uzteko eta erantzukizunaz jokatzeko deitu die ezker abertzaleak

Elkartasun osoa erakutsi nahi du jai egunetan atseden eskubidearen alde zein lan baldintza duinen alde borrokatzen duten langileekiko.

Lan gatazkaz beteriko astea dugu hau. Metroan zein merkataritzan deitutako greba deialdien aurrean, ezker abertzaleak elkartasun osoa erakutsi nahi du jai egunetan atseden eskubidearen alde zein lan baldintza duinen alde borrokatzen duten langileekiko. Deia luzatu nahi diogu bai PSOEri bai CEBECi larderia albo batera uzteko eta erantzukizunaz jokatzeko.

Bihar hasiko dira metroan lanuzteak eta 23 eta 24rako Bizkaiko merkataritza sektorean greba deituta dago. Bi borroka hauei atzo Bilboko Kale Nagusitik komertzioak jai egunetan zabaltzearen kontra izandako manifestazio jendetsua gehitu behar zaie. Eta hauek guztiek argi adierazten dute herritarren ezinegona ezarri nahi den eredu ekonomiko arrotzaren aurrean, gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten duen eredu ekonomikoaren aurrean, hain zuzen.

Enpresaburu handiek mozorroa kendu eta helburu argia dute: jasotzen duten etekin handiak biderkatzea eta horretarako ezinbestekoa da lan eskubideekin amaitzea eta lan baldintzen prekarizazioa.

Testuinguru horretan biderkatu dituzte jai egunetan lan ez egitearen kontrako erasoak eta borroka horretan bidelagun fidelak topatu dituzte: PSOE, EAJ eta IU.

Honen adibide garbiak ditugu: Metroren zuzendaritza sozialistak abenduaren 24 gauean inposatu nahi duen zerbitzua, langileekin negoziatu gabe eta aurretik inolako ikerketarik egin gabea, eta EAJk eta IUk El Corte Inglesi emandako baimena ordutegirik eta jai egunik errespetatuko ez duen Opencor denda zabaldu ahal izateko.

Ezker abertzaleak uste du unea dela neurri horien guztien aurrean planto egiteko. Aipatutako neurriek hiri eredu arrotzaren inposaketa erakarriko digu eta honek ondorio zuzenak izango ditu: lan baldintzen prekarizazioa (lanaldi amaiezinak eta atseden eskubiderik gabekoak) egun ezagutzen ditugun harreman sozial zein familiarren desagerpena, auzoen desertizazioa; eta onuradun gutxi: egungo elitea.

Hori dela eta, ezker abertzalea bere babes osoa eskaini nahi die zuzeneko eskubideen alde borrokatzen ari diren Metroko zein merkataritzako langileei. Honetaz gain, deia luzatu nahi die herritarrei 23an eta 24an erdiguneko zein Alde Zaharreko denda handiei ez hurbiltzeko.