2010/12/11

Bilboko aniztasuna islatuko duen Hiri Kontseilu demokratikoa eta partehartzailearen alde

EA eta Alternatiba alderdiekin batera elkarretaratzea deitu dugu astelehenerako, Udaletxean 17:00etan, Hiri Kontseiluaren bileraren orduan

Astelehena 13an Hiri Kontseilua batzartuko da. Kontseiluaren osaketa elitistak eta ez-parekideak zein batzarrean jorratuko diren gaiek argi adierazten dute batzorde honen funtzio propagandistikoa.



Argigarria da oso BBVAko kontseilari ohia izandako Pedro Luis Uriarte izatea Kontseiluaren interbentzio nagusia egingo duena, “El cambio de escenario global al que se enfrenta Bilbao”, alegia. Honek egungo Udal gobernuak lehenesten duen hiri eredua agerian uzten du, berriro ere.

EAJren eta IUren hiri ereduak hiriaren erdigunearen garapen espekulatiboa lehenesten du soilik, biztanleriaren gehiengoa bizi den auzoen kalteetan. Gero eta handiagoa da erdigunearen eta auzoen arteko tartea eta gaur da eguna, noiz behartsuentzako laguntza sozialak murrizten diren eta hainbat auzok oso komunikazio kaxkarrekin eta oinarrizko zerbitzurik gabe jarraitzen duten. Eta hori gertatzen den bitartean, erdigunerako zuzendutako milioidun inbertsioak biderkatzen dira.

Beste aldetik, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok azpimarratu nahi dugu Bilbok duen aniztasuna eta elkarteen oparotasuna ez dagoela ordezkatuta instituzioetako eta arlo enpresarialeko ordezkariek gehiengo nabarmena duen Kontseiluan. Honetaz gain, Bilboko eragile gehienak zein hiriko laugarren indarra den ezker abertzalea – azken Udal hauteskundeak IU-Aralar koalizioak baino bozka gehiago lortu zuena- baztertu dituztela salatzen dugu. Eta hau gutxi balitz, parekidetasuna ez da betetzen (Kontseilua osatzen duten 75 pertsonatik 13 bakarrik dira emakumeak, %13,33) eta gaztelania da bileren eta hortik sortzen den dokumentazio guztiaren hizkuntza bakarra, nahiz eta Bilbon 165.000 euskaldun edota ia euskaldun bizi.

Ezarri nahi diguten hiri eredu elitistaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako hiri eredu berri baten aldeko hautua egiten dugu.

Bestalde, salatu behar dugu Bilbok duen gabezietariko bat partaidetza eza dela. Nahiz eta aukerak egon, egungo organigrama instituzionala parte-hartzea galarazteko egina dago. 2008ko ekainaren 15ean Bilbon auzo elkarteek deitutako manifestazio jendetsuak zein aurten Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren kontra sortutako herri ekimen zabalak argi adierazten dute Bilbon dagoen parte-hartze eza.

Hiri Kontseiluaren sorrera egun dagoen hutsunetik ateratzeko aukera izan daiteke. Hala ere, inolako debate sozialik gabe eratu izanak, hiriko sektore sozial zabal batzuk Kontseilutik kanpo utzi izanak eta sexuen arteko parekidetasuna bete ez izanak argi adierazten dute Kontseiluarekiko EAJk eta IUk duten begirune eza.

Bilbon herritarren partehartzerako dauden bitartekoak birplanteatzea guztiz beharrezkoa da. Udalak herritarren partehartzerako dituen tresnak –Barruti Kontseiluak, Arloko Kontseiluak eta Hiri Kontseiluak– gaur egun duten izaerarekin, ez dira herritarrok udal politikaren gaietan zein erabakietan partehartzeko tresna egokiak. Adibide gisa, udal aurrekontuaren proiektua berriki onartu da eta ez da egon ezein herritar elkarteren partehartzerik, nahiz eta aurrekontuak eraikitzen ari den hiri-ereduaren ildoak zehazten dituen.

Hiri Kontseiluak argi eta garbi erakusten du Bilboko udal gobernuaren eta Azkuna Alkatearen hautua: erabakiguneak herritarrengandik urrundu eta elite ekonomiko zein politikoetara eramatea, alde batetik, eta erabakitze-prozesu eta zeregin publikoen kudeaketaren teknifikazioa, bestetik. Azkunak, gainera, despotismo ilustratuaren garaietan bezala, gai publikoetan herritarren partehartzea murrizten du eta politikoen eta funtzionarioen klasea kontrolatu beharko luketen herritar kontzienteak gutxiesten ditu.

Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak hurrengo zutabetan oinarritu behar den demokrazia erradikal eredua proposatzen dugu:
  • Udalaren kontrol herritarra: udal gaiei buruzko informazio-eskubidea bermatu behar da eta informazioa argia izan behar da.
  • Herritarren proposamen-eskubidea: Bilboko udal-batza herritarren proposamenei itxita dagoen batzarra bihurtu da eta eredua aldatu behar da. 
  • Partehartze-eskubidea: dauden organoen egiturak eta erregelamenduak aldatu behar dira eta erakunde autonomiadunetan eta udal sozietateetan ere partehartzea bermatu behar da.
  • Herritarren kontsulta-eskubidea: hiriko gai estrategikoetan, edo herritarren zati esanguratsu bat eskatzen duenean, herritarrei kontsulta bermatu behar da.

Arestian aipatutako zioengatik, abenduaren 13an, astelehena, 17:00etan, udaletxeko kanpoko eskaileratan egingo den elkarretaratzera deitzen ditugu herritarrak, parte-hartzen dugun herritar aktiboez osatutako bestelako hiriaren alde egiteko eta ordu berdinean eliteentzako erreserbatutako arabiar areto hotsandikoan batzartuko den Hiri Kontseilua hiri osoa eta herritar guztiok ez gaituela ordezkatzen salatzeko.