Izugarrizko lana da. Izugarrizko lana izan da. Alderdien arteko mesfindatzak gainditu eta elkarlana bultzatu duena gainera. Baina gaur Bilboko osoko bilkuran gertatu zena, lotsagarria da, eta politikari ez dio inolaz ere mesede handirik egiten.
Aurrekontua udal politikaren tresna nagusia da, kudeaketa eredu baten isla. Bilboko 2011rako onartutako aurrekontuak islatzen duen irudian kontsumoko eta kontsumorako hiria agertzen zaigu, turista eta biltzarkideei zein Bilboko aberaskiloei zuzenduriko erakuslehioa. Diru publikoa, hots geurea, guztiona den dirua, nola kudeatu erabakitzeko edozein herritar parte hartzea ukatzen duen kudeaketa eredu izan dugu aurrean.
Gure kritikaren lehenengo puntua hori izan da, eta horrela ere ezarri dugu giza eragile ezberdinei bidalitako azterketa komunean. Txantxetakoa ematen du edozein erakunderentzat oinarrizkoa den dokumentua izkutuan kudeatuz, hiritarrei bizkarra erakutsiz edota azpijokoz betetako dokumentuak aurkeztuz. Alderdi politikoentzat zaila bada, nola ez da izango ba zaila, bere urteko proiektua jokoan duen edozein udal elkarterentzat? Argi dago, ezjakintasun hau nahita bultzaturiko ezjakintasuna dela.
Aurrekontuetan ez dagoena, ez da egingo, ez du hirian lekurik izango, beraz, horretan erreklamazio edo enmendakin gutxi badago, are lasaiago kudeatuko dute hiria. Argi dago, Bilbon dugun alkateak eta gobernuak oso sakon hartu dutela Despotismo Ilustratuaren leloa: guztia herriarentzat baina herririk gabe. Alkate ilustratua izango dugu bai, baina beste garaikoa
Azkunaren gobernu taldeak helarazi digunaren arabera hiri eredu hau ekonomiaren motorea izango da, eta egoera latzean dugun geure ekonomia honi onurak ekarriko dizkio. Baina, jakin badakigu geure eguneroko bizitzarekin loturiko arloetan inbertitzea dela ekonomiarentzako motorerik onena. Proiektu erraldoiak inbertsiotzat eta pertsonen aldeko partidak gastutzat hartzeari utzi behar zaio. Hezkuntzan, kulturan, kirolean, enpleguaren kalitatean, pertsonentzako aukera eta tratu berdintasunean, gazte jendean, inklusio sozialean, parte hartzean,… inbertitzeak hiriaren alde egiten du, eta pertsonak inbertsio hauen protagonista senti daitezen lortzen du.
Lanean jardun dugun hiru erakunde politikook, hau lortzeko erabateko enmendakina aurkeztu genuen, hau da, Gobernuari aurrekontu atzerakoi horiek itzultzeko agindua eman genion, baina euren jokoan sartzea zela jakin arren, epe eta baliabide mugatuekin, beste 56 enmendakin partzial aurkeztu genituen, zeinetan aurrekontuaren %23aren aldaketa proposatzen genuen -116 miloi-, arlo eta sail ezberdinetan hasierako aldaketa sakonak bultzatzearren.
Baina gaur, bost minututan eta eztabaidatu gabe atzera bota zituzten. Aurreko plenoan, ordea, Alderdi Popularrari aurkeztukoen 16 miloietatik -aurrekontuaren %3,2a- 200.000 onartu zizkioten, eta PSOEren 8 miloietatik -%1,5a- beste horrenbeste goiz osoko eztabaidaren ostean. Nola aurkeztu dezakete euren burua alternatibatzat %3a baino gutxiagoko desberdintasunarekin? Nola dira gai, hilero prestatutako diskurtso horietan desadostunak agertzeko, oinarrizkoena den kudeaketa tresnaren aurrean ez badute inolako desberdintasunik?
Izan ere, aurrekontu hauek betiko bideari darraite: turismorako eta eraikuntzarako dirua barra-barra eta auzoetako bizitzari kondarrak. Hau da, hiru ezaugarri nagusiko aurrekontuak ditugu beste behin ere: parte hartzerik gabekoak, antisozialak eta auzoak kontuan hartu gabekoak.
Ba al dago 6 urtean %39 igotzen den subkontratazioa eta lan prekarietatea zabaltzen duten aurrekontuak onartzerik? Ba al dugu jarraitzerik Bilbon bizi garenon etxebizitza beharrei erantzunik ematen ez dieten aurrekontuekin, etxebizitzak eraberritu gabe luxuzko etxeak eraikitzen ari diren bitartean? Ba al dago mendekotasun egoeran diren pertsonei laguntza murrizten dieten eta haur-eskolen plaza publiko eskaria inondik inora asetzen ez duten aurrekontu batzuk onartzerik? Ba al dago indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza %25 murrizten dieten aurrekontuak onartzerik? Galdera hauei guztiei, eta beste askori eman beharreko erantzuna ezezko borobila da, ez ditugu udal gobernuak aurkezturiko aurrekontuak onartu eta ez gaude ados bolizko dorre bihurtu den udal horretan kudeaketari egiten zaion ahuntzaren gauerdiko eztularen moduko oposizioarekin.
Aurrekontu hauek ez bezala, Bilbo ezberdin bat aldarrikatu nahi dugu: udal kudeaketak herritarren parte hartzeari bide emango diona eta ez soilik Consejo Civico delakoan bildutakoei; lehentasunak berrikusiko diren eta inklusioa, berdintasuna eta egunerokotasuna lehenetsiko duen hiria; dirua hemen bizi garen pertsona guztien artean nahi dugun hiria eraikitzera bideratuko dena, eta ez beste batzuek nahi duten despotismo ilustratu honetara.
Arrazoi hauek guztiak direla medio, hemen bildutakoek EZEZKOA ematen diegu atzerakontu hauei, eta BAIEZKOA bestelako aurrerakontuei, EZEZKOA, beraz, hiri kudeaketa eredu honi eta BAIEZKOA Bilbo eraldatu eta eraldatzaile bati. Lan polita dugu aurrean, ia beste batzuekin ere elkar topatzen dugun.