2011/03/24

Bat egiten dugu “Europako nazioak elkarren eskutik” lemapean, larunbata 26an burutuko diren ekimenekin

Europako nazioak elkarren eskutik lemapean datorren larunbatean, martxoaren 26an burutuko diren ekimenak babestu nahi ditugu eta aldarrikapen hori Ezker Abertzaleak ere bere egiten duela adierazi nahi dugu.

Celtic-ek eta Athletic-ek datorren larunbatean jokatuko duten partidatik haratago, Ezker Abertzaletik, bi nazioak konpartitzen dugun autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena goraipatu nahi dugu. Izan ere, XXI. mendean Europako nazioak elkarri lagundu eta erabakitze eskubidearen alde egiten ari garen prozesua Europako agendan lehen lerroan kokatu behar dugu.

Euskal Herria eta Ipar Irlandak balore eta elementu asko konpartitzen ditugu, eta Eskoziarekin batera geure nazio izaera aldarrikatzen urteetako borrokan dihardugu. Aldarrikapen hori kirol eremura ekarriz, nazio aitortza praktikan eraiki eta kirol selekzio propioen alde urratsak eman behar ditugula deritzogu.

Datorren larunbatean arratsaldeko 17’30tan burutuko den kalejiran, bi talde hauetako jarraitzaileek euren arteko adiskidetzea ospatzeaz gain, nazioak Europan geure lekua izan behar dugula aldarrikatzeko baliatu behar dugu. Dei egiten dugu hortaz, ekimen honetan parte hartzera.