2011/10/10

Kukutza, Bilbo jarraitu dezala ametsa!!!

Egun, sistema krisialdi sakonean dagoela agerian da. Krisialdia noski ez da soilik ekonomikoa, soziala, politikoa, instituzionala,… ere bada. Ustezko eredu demokratikoa sustengatzen duten instituzioek sistema espekulatzaile basatia bera eusteko tresna bilakatu dira. Horrek instituzio politikoen desakreditazioa ere eragin du, gertuen dauden instituzioak alegia Udaletxeak ere joko horren parte izanik eta politika kapitalistak aplikatzen dituztelarik, herritarrekiko aldea handitzea baino ez dute eragin. Arrotzak dira egungo hiritarrentzat.



Horren aurrean herritar sektore zabal batek, krisialdia geure bizkarretan jasaten ari garenok hain zuzen, demokrazia aldarrikatzen dugu kapitalaren diktaduraren aurrean.

Hamarkada luzeak daramatzagu Euskal Herrian, eskubide demokratikoen aldarrikapenean, inposaketa anitzen aurreko erantzunean, finean, Euskal Herrirako demokrazia aldarrikatzen. Azken hilabeteetan, Ezker Abertzalearen iniziatibaz, indar metaketaren ardatzean ezkerreko eta abertzaleon arteko indar akumulazioak aukera berriak ireki ditu geurean eta gure herriaren eszenatokia aldarazi. Honek, politika egiteko beste modu batzuk daudela praktikan erakusteko balio digu, alternatibak egon badaudela eta horiek aplikatzeko independentziarainoko bidea egin beharra dugula indartzeko baliatu behar ditugularik.

Kukutzak, irakaspen handiak eskaini dizkigu. Erabakitzeko eskubidea bere azken muturrera eramaten da bertan, erabakitzeko gaitasuna praktikan jarriz. Kukutza espazio autogestionatu, gaztetxea, proiektu parte hartzaile, sormen lantegi, kultur sorkuntzarako eremu askea, auzolanaz eraikia, eta abar bezalako definizioak jaso ditu alde anitzen aldetik. Proiektu horren defentsak, egun inposatzen zaigun hiri eredu, kultur eredu eta pertsona ereduaren aurka gauden herritar mordoa aglutinatzea lortu du. Eta horrekin batera, bi eztabaida ekarri ditu lehen lerrora. Batetik, Bilbok behar duen kultur ereduarena eta bestetik, okupazioaren eztabaida.

Kultur ereduak eta bere izaerak definitzen dute hiri eredua, eta Bilbon nahiko agerikoa da zer nolako kultur eredua sustatzen duten botereguneetan dauden horiek. Horren aurrean, alternatiba erreala izan da Kukutza.

Okupazioaren eztabaidari dagokionez, kapitalaren interesak defendatzeko egitura sendoak ditu sistemak, haien artean Bilboko udal gobernua eta bere ondora bildu diren PP eta PSOE. Desjabetzeak eguneroko ogi bihurtu direnean, langabezia tasak goraka doazenean, etxebizitza hutsen kopurua jaisten ez denean, espekulazioak dena zipriztindu duenean,… nola planteatu daiteke okupazioa eskubidea ez izatea? Noski, jabetza pribatuaren defendatzaile direnak, gure alkatea tartean, ez dute inoiz halakorik defendatuko, Ezker Abertzaleak ordea bai. Bai, egun alternatiba erreal bat izaten jarraitzen duelako eta horren bitartez gure auzoetan espazio askeak existitzen direlako. Herri aske batean pertsona askeak izateko aldarrikapenetik praktikara saltoa suposatzen du horrek.

Horri guztiari, Errekaldeko auzokideek bestelako ekarpena erantsi diote, Bilboko auzoetan ematen den azpiegitura faltaren salaketa eginez eta Kukutza bezalako espazio autogestionatuen legitimitatea babestuz. Parte hartzea ardatz izango duten politiken aplikapena aldarrikatzeaz gain.

Kukutzaren utzarazte eta eraistea, gaztetxe bat erditik kentzea baino gehiago izan da. Zein izan da beraz PNV eta PSEEk egin duten kalkulua Kukutza auziarekin? Gure ustez, etsipena eragin nahi izan dute, ez soilik Kukutzako kideen edo Errekaldeko auzokideen artean, baizik eta Bilboko herri mugimenduaren aurrean. Hiri honetan, Udaletxeko gehiengo osoa baliatuta, bere kutsu autoritarioa ezin baztertuz, PNV autentikoena ikusi dugu. Politika egiteko bere moldeak agerian gelditu dira eta PSEEren parte hartze aktiboa adierazgarria izan da oso. Gai honetan ere errepresio basatiaren laguntzaz, rodilloa aplikatu nahi izan dute eta Bilboko herri mugimendua eta urteak suminduta daramatzaten hiritarrak isilarazi nahi izan dituzte. Bilbo duela 30 urteko egoeretara eraman nahi izan dute berriro ere, bati baino gehiagori Euskaldunako garaiak etorriko zitzaizkion burura, eta ez da gutxiagorako izan.

Horren aurrean ordea, Bilbon duela urte asko ikusten ez genuen moduko erantzuna eman da. Handitzen joan den amarauna eragin du gai honek gure hirian, eta bazter guztietara iritsi da aldarrikapena. Ez soilik Kukutzaren aldeko aldarrikapena, baizik eta demokrazi eredu honen aurkako oihuak dira altxatu direnak, kultur eredu parte hartzaile eta anitz baten aldeko oihuak, bestelako Bilbo nahi eta behar dugula ozen entzun da Bilboko kaleetan azken asteetan.

Euskal Herriak bizi duen egoera eta irekitzen ari garen eszenatoki berriak are zentzugabeagoa egin du Kukutzaren inguruan inposatu diguten erabakia. Aldaketa behar dela gero eta argiago dagoen honetan, batzuk eroso sentitzen dira demokrata eta biolentoen eskemetan enrokatuta.

Kukutzaren alde mobilizatu garenon aurka azken asteetan eman diren kriminalizazio saiakeren aurrean, errealitatearen argazkia ezin dutela inposatu erantzun behar diegu. Milaka herritarren erretinan daude oraindik, errepresio basatiaren argazkiak.

Orain kezka bestelakoa da, nola eutsi altxamendu herritar honi?

Gure esku dago, mugimendu hau Bilboko hiri eredu berri bat eraikitzeko aktibo moduan kokatzea, Bilboko Udaletxea hiritarren beharren mesedetara jarri dadin exijitzen jarraitzeko eta ez kapitalaren mesedetan, kultur eredu anitz eta parte hartzailea defendatzeko, inposaketa eta jarrera autoritarioak gainditzeko eta abar luze bat. Asko dira batzen gaituzten ideiak eta aldarrikapenak, bat egin dezagun eta entzun gaitzatela euren gela ilun horietan. Bilbo aldaketa gosez da!!

Errekaldeko auzokideek behar eta merezi dutelako, Errekaldetik Bilbo osoa zeharkatuz, mugimendu herritar honi bide eman behar diogu. Gu guztion konpromiso eta lanarekin bestelako Bilbo eraikiko dugu, auzoz auzo, hori da Ezker Abertzalearen konpromisoa. Kukutzako izaera eta espiritua auzo guztietara iritsi behar da. Ez gara, ez, etsipenean eroriko, esperantza bueltatuko dugu haien kontra!!

Bilboko kaleetan ikusiko dugu elkar, jarraitu dezala ametsak!!