2011/03/24

Libiako interbentzioa: Petroleoaren alde, herritarren aurka

Ezker abertzaleak bat egiten du Libiar herriaren kontra Mendebaldeko potentziek hasitako gerra inperialista salatzeko larunbaterako Bilboko hainbat eragile sozialek deitutako manifestazioarekin. Deia luzatu nahi diegu herritarrei Arriaga plazatik arratsaldeko 6etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.

Ezker Abertzalearen iritzian, berriki NATOko indarrek Libiako gatazkan burutu duten esku-hartzeak ez du helburu gisa bertako herritarren altxamendua laguntzea ez eta zibilak babestea, eskualdearen eta bertako baliabideen kontrol eta ustiaketa baizik.

Mendebaldeko Estatuek, NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpena aitzaki, burutzen ari diren aire erasoek ez dute inolaz ere Libiara bakea eramateko helbururik, erasoan parte hartzen ari diren estatuen interes ekonomikoak bermatzea baizik.

Bost axola horiei libiar herri xumea. Ez al dira hauek izan urteetan zehar M. Gadafi babestu dutenak? Ez al dituzte sekulako negozioak burutu orain diktadoretzat salatzen duten horrekin? Edota Internazional sozialistan PSOErekin bate gin duten Tunisiako Ben Ali eta Egiptoko Mubarakekin? Mugagabea da NATO eta mendebaldeko estatuen hipokrisia. Bitartean Barheinen Sauidar arabiaren laguntzarekin edota egunotan Yemenen burutu diren eraso eta sarraskien aurrean isilik diraute mendebaldeko potentziak. Ezker Abertzaleak gogor salatzen du zilegitasunik gabeko esku-hartze hau.

Ez dago irtenbide militarrik Libiako gatazka konpontzeko, eta Ezker Abertzaleak, aldi oro gisa, elkarrizketa eta konponbidearen aldeko hautua egiten du. Herritarren mugimendu demokrata eta aurrerazaleekin bat eginez, Libiaren etorkizuna libiar herritarren esku egon behar dela deritzogu. Alderdi guztiek suetena burutu, NATOko indarrak baztertu eta Libiako gatazka, herritarren nahia eta borondatea errespetatuko duen elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konpontzeko deia egiten dugu. Modu honetan nazioartetik gatazka bide baketsu eta elkarrizketatuan burutu dadin bideratutako ahaleginak txalotzen ditugu.