Herritarrak horrelako dendetan ez kontsumitzera deitzen ditugu, dakarten merkataritza-, hiri- eta garapen sozial eta ekonomia- ereduaren zigortzeko. Bat egiten dugu urtarrilaren 21erako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilboko Udaletxean goizeko 11etan deitutako kontzentrazioarekin.
Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok egunean 18 orduz eta urtean 365 egunez irekita egongo den Opencor El Corte Ingleseko dendaren atzoko irekiera salatzen dugu. Jaiegunetan langileen deskantsurako eskubidearen kontrako erasotzat jotzen dugu aipatutakoa.
Denda berri honen irekierak helburu argia du: merkataritza handiak jaiegunetan zabaltzeko aukera “normaltasun” osoz izatea. Honek ondorio larriak izango ditu: merkataritzako langileen lan baldintzen prekarizazioa, merkataritza txikiaren kontrako kalte larria bat eta gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposaketa.
Enpresaburu handiek mozorroa kendu eta helburu argia dute: jasotzen dituzten etekin handiak biderkatzea eta horretarako ezinbestekoa da lan-eskubideekin amaitzea eta lan baldintzen prekarizazioa.
Testuinguru horretan biderkatu dituzte jai egunetan lan ez-egitearen kontrako erasoak eta borroka horretan bidelagun fidelak topatu dituzte Bilbon: Opencor zabaltzeko baimena eman duten EAJ eta IU alderdiak. Hauek, berriro ere, merkataritza-interes handien alde egiten dute eta langile eta sindikatuen kontra.
Larritzat jotzen dugu Azkunak, herritarrentzako adibide gisa agertu nahian, atzo egindako presazko bisita patetikoaren bidez hiri eredu arrotz honi emandako babesa. Honekin, babesa eman die, argi eta garbi, lan baldintzen prekarizazioari (lanaldi amaiezinak eta atseden eskubiderik gabekoak), egun ezagutzen ditugun harreman sozial zein familiarren desagerpenari, auzoen desertizazioari eta onuradun bakarrak izango den eliteari.
Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta protesta-ekintzekin bat egiten dugu (urtarrilaren 21erako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilboko Udaletxean deitutako kontzentrazioa), herritarrak horiekin bat egitera animatuz. Horrez gain, herritarrak horrelako dendetan ez kontsumitzera deitzen ditugu, dakarten merkataritza-, hiri- eta garapen sozial eta ekonomia- ereduaren zigortzeko.